XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egunak ibili ahala, jesuitak ere beste edozein bezain inteligente bihurtu dira, gure heroiak bezain inteligente, esate baterako, eta utzi egin dute euskararen enpresetan eskua edo hanka sartzea.

Begira Gero-k, oraindik Mensajero letra haik zeramatzan artean, zein liburu ateratzen zituen eta orain ateratzen dituenak, letra horiekin bai baina guztiz autonomo, esaten dutenez, eta jesuita gaiztoen eskuarterik gabe.

Lanaren antropologia euskaraz argitaratzea ez zen posible izango, atzetik holakoxe argitaratzaile makiabeliko bat egon ez balitz.

Orain, argitaratzaile gaiztoa, isil-isilik dago, zeharo derrotaturik dago eta ez du euskal kultura mehatxatzen.

Euskarak ikaragarrizko irabazia atera dizu.

Heroi azkar eta bortitz horiei, gure euskara gaisoak ezin sekula behar bezala ordainduko die, hain garrasi ausartez mafiaren hatzamarretatik ordu onean salbatu izana.

Zientifikamente frogatua bait dago, jesuitek lagun diezaioten egunean, galdu dela euskara sekula santa betirako, eta hurrengo egunean Euzkadi, Euskal Herria eta denok amilduko garela, zaldi eta zaldun.

Jainkoari eskerrak, hala ere, Euskal Herriak oraindik baditu heroiak, ausartak eta argiak, jesuiten edozein malefiziori eta laguntza estratagema gaiztori derrefente antzeman eta alarmatzen direnak eta, beren bizitza preziosoa arriskatuaz, eta eztarriko zainak, haien edozein laguntzatatik euskara salbatuko digutenak.

Erroma ere ez al zuten salbatu, gauerdian kakarazka hasi ziren antzarek?.

Antzar kakara bezalakorik ez dago, arriskuan dauden herriak salbatzeko.

Beraz, beren negoziante sen gaiztoz jesuitek atera zuten Lanaren antropologia hura, bigarren partea gabe gelditu da.

Gure heroi heroikoei eskerrak, beren ikaragarrizko negozioa egin gabe gelditu dira jesuitak euskararen kontura.

Gure heroi heroikoak, bistan da, ez dira hain liburu komertzialak argitaratzeraino makurtzen.

Eta nabar-nabarmena da euskal liburu zientifikoaren produkzioak harrez gero ezagutu duen gora.

Negozio egitearren bakar-bakarrik publikatzen ziren Roman Garaterena bezalako libururik ez da orain publikatzen.

Biba euskara!.

Sariketa bat: zein liburu den asmatzen duenari, zeruetako loria eta lurrean kontsolazio piska bat emanen zaio sari

Duela urte asko, Bagdad-ko palazio urreztatu eta aintzira azulejodun xuri eta urdinez apainduriko baten goen-goeneko ganbaran, Abdelamir Abdel Kamelen semea, zerrailaz ate denak hertsi, kandelak biztu, zelebroan eta zerebeloan tabula rasa egin, esibizionistei, eskuin ala ezkerrei, zien higuina mortifikatu, izanak eta ez izanak ahaztu, ongi segurtatu aurreritzi denak banan-banan bihotzetik atera eta baztertu zituela, kontzientzia garbitu, inoizko oroitzapen atsekabe denak bere barrenean xahutu guztiz purifikatu, tolerantzi ejertzizioak egin, izpiritualak eta korporalak, munduko borondate hoberenaz armatu, eta liburua irakurtzen hasi zen, ilargia zeruetan zegoela, artista batek artista baten gainean egindakoa.

Liburu bat, bi liburukitan.